Bizkaiko Gaiteroak
1980an, Bilboko Udaleko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak bere bideari ekin zion, Bilboko Aste Nagusiaren hasieran. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra arduratu zen eszenaratzeaz, eta, horretarako, erraldoiak zeramatzaten dantzariak plazaratu zituen. Iruñeko Gaiteroak eta dantza taldeetako gaitero batzuek jarri zuten musika. Hasiera horretan parte hartu zuten, era berean, ondoren Ondalaneko kide izango zirenetako batzuek.
Ondoren, Bizkaian Erraldoien lehen kontzentrazioak antolatzeko lanak hasi ziren. Hala, “Gau-Txoriak” elkarteak kontzentrazioa deitu zuen Erandion 1986an, eta, ondoren, Gernikak 1987an, Hiribilduko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Testuinguru horretan, bada, nolabaiteko giroa sortu zen, Bilboko berezko giroaz gain.